Behatokiak egindako lana
Lehenengo fasean, Donostiako Zuzenbide Fakultateak egin duen ahaleginari esker, 1968ko irailaren 27ko Bruselako Hitzarmena aplikatzeari buruz estatuko Probintzi Auzitegi guztietan azken urteotan eman den jurisprudentzia txikia bildu du Behatokiak eskumen judizialari eta gai zibil eta komertzialetan epaiak onartu eta betearazteari buruzko gaien inguruan. Material horrekin eta bi estatuetako unibertsitate irakasle garrantzitsuen lankidetzaz, epaiak mugaz gaindi betetzeari buruzko jardunaldia antolatu zuen Behatokiak Donostian 2000ko uztailaren 30ean eta ehun lagun baino gehiago elkartu ziren bertan.
2001. urtean zehar Behatokiak kontratuen zuzenbide europarrari buruz Europako Batzordeak antolatu duen eztabaidan parte hartu du eta gai horri buruzko iradokizunak egin ditu. Halaber, Espainiako lege konkurtsalaren aurreproiektuari egin dizkion oharrak ere hainbat erakundetara bidali ditu.
2002. urtean GROTTIUS programaren laguntzari esker, eta Hondarribia, Irun eta Hendaiako udalek osatutako mugaz gaindiko kontsortzioarekin elkarlanean, Behatokiak zuzenbide zibilari buruzko mugaz gaindiko bederatzi eguneko ikastaroa antolatu zuen, eta mugaz bi aldeetako 30 abokatuk baino gehiagok parte hartu zuten. Horrez gain, Bizkaiko Abokatuen Elkargoak ebazpen judizialak mugaz gaindi betearazteari buruz apirilaren 26an antolatutako jardunaldian parte hartu zuen.
Urte horretan bertan Behatokiak Europar Batasuneko kide diren estatuetako zuzenbide zibil eta prozesalak bateratzeak sortzen dituen arazoen gainean Hendaian egin zen jardunaldia zuzendu zuen eta 60 legelarik baino gehiagok parte hartu zuten.
Horrez gain, Behatokiak web orri bat argitaratu zuen ordura arte egindako lanak ikusgai jartzeko eta mugaz alde bateko zein besteko zuzenbideari buruzko albisteak eman eta eztabaidatzeko topagune izateko.
Harrezkero, Behatokiak mugaz alde bietako legelarientzako zazpi prestakuntza jardunaldi antolatu ditu honako gai hauek oinarri hartuta: aduanetako zuzenbidea, garraio zuzenbidea,
kirol zuzenbidea, pertsona eta higiezinen mugaz gaindiko fiskalitatea, aseguruak eta erantzukizun zibila, mugaz gaindiko lana, elkarteak eta sozietateak.
Egindako azken ekintzak Citicoop proiektuan kokatu dira (oztopoak gainditu, lankidetzan aritu aurrera egiteko). Oraingo honetan ere izan da Europar Batasuneko baterako finantzaketa Europar Batasuneko POCTEFA Espainia, Frantzia eta Andorra arteko Lurralde Lankidetzako programaren bidez (https://www.poctefa.eu/). POCTEFA ren xedea da Espainiako, Frantziako eta Andorrako mugaldearen integrazio ekonomikoa eta soziala indartzea. Haren laguntza mugaz gaindiko jarduera ekonomikoak, sozialak eta ingurumenekoak garatzean du ardatza, lurraldeko garapen iraunkorraren aldeko baterako estrategiez baliatuz.
2009 eta 2014 bitartean, Iuris Mugak prestakuntza berriak eskaini ahal izan ditu mugaz gaindiko eguneroko bizimoduko gaurkotasuneko gaiei buruz jardunaldiez, trukatze bisitaldiez eta kongresuez baliatuz.
Gainera, iurismuga.com weba eguneratu egin da, eduki juridiko gehiagorekin hobetu da erabilgarritasun eta interesgarritasun handieneko tresna bilakatzeko xedearekin, mugaldean lan egiten duten Zuzenbideko profesionalentzat.