1994ko urrian Baionako eta Donostiako abokatuen elkargoek senidetze eta lankidetza hitzarmen bat sinatu zuten. Hitzarmenak emaitza garrantzitsuak izan ditu, besteak beste, gai espezializatuei buruzko hainbat eta hainbat prestakuntza jardunaldi antolatu dira eta barruti bakoitzeko auzitegiak bertatik bertara ezagutzeko bisitak ere egin dira.

Beste alde batetik, Paueko eta Aturriko eskualdeko Unibertsitateko Baionako Diziplina Anitzeko Fakultatea eta Euskal Herriko Unibertsitateko Donostiako Zuzenbide Fakultatea 90eko hamarkadako lehen urteetan hasiak ziren elkarlanean, irakasleak trukatuz eta hainbat prestakuntza alorretan elkarri lagunduz, ikasketa ofizialetan zein bestelakoetan.

Aurrekari horiek izanda eta Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak 1996. urtean egindako iradokizunari jarraituz, Baionako eta Gipuzkoako abokatuen elkargoak eta Baionako eta Donostiako fakultateak harremanetan jarri ziren beren prestakuntza xedeetan lankidetzan aritzeko. Hasiera-hasieratik elkarlana mugaz bi aldeetako gainerako zuzenbide alorreko lanbideetara zabaltzea pentsatu zuten eta gure mugako “arazo juridikoak” aztertzea jarri zuten xede nagusi, arazo juridikoak mugaz alde bateko edo besteko zuzenbidea beste aldeko herritarrei aplikatzeak sortzen dituen arazo modura ulertuta, mugaz alde bateko eta besteko gizarte eta ekonomia mailako harremanek hala eskatzen baitute, gero eta harreman gehiago dago eta.

Hainbat prestakuntza lan egin ondoren Zuzenbide Behatokia abian jartzeko lanak bi fasetan egitea erabaki zen: aurrena, Gipuzkoako eta Baionako abokatu elkargoek Interes Ekonomikoko Europar Elkartea sortu zuten 2000ko urriaren 23an, jarduera horren euskarri iraunkor izan zedin. Gero, bi zuzenbide fakultateak sartu ziren proiektuan 2001eko uztailaren 7an hitzarmen bat sinatuta.